Barroko neurrigabea

Cattelanetik Zurbaránera

2013eko ekainak 14 – 2013eko urriak 6

Bilboko erakusketa

Vouet-Simon

Simon Vouet
Europaren bahiketa, ca. 1640
Olio-pintura mihise gainean
179 x 141,5 cm
Museo Thyssen-Bornemisza, Madril

Barroko neurrigabea. Cattelanetik Zurbaránera

Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketak aurrez aurre jartzen ditu artelan garaikideak eta XVII. mendeko margolanak, eta helburu du Barrokoaren kontzeptua ohiko pertzepzio eta estereotipo finkatuetatik aldentzea.Ez dira ardatz, beraz, Barrokoari lotutako handitasuna, apaingarrien joritasuna eta urre kolorearen ugaritasuna. Aitzitik, Barroko neurrigabeak gai ditu bizitasun ezegonkorraren adierazpideak -bizitako, berraurkitutako edo galdutako bizitasuna-; heriotzak mehatxatutako eta proiektatutako bizitzaren ezegonkortasuna. Barroko neurrigabeak ez dio erreparatzen estilo neo-barroko berri bati; aitzitik, agerian jartzen du zenbait artelan garaikide nola saiatu diren errealitatea kalkatzen, betiere ahaleginduta alderdi existentzialistekin zuzenean harremanetan jartzen.

Barrokoa dinamismo, sentsualitaltasun, gehiegikeria eta antzerki izaerarekin lotzen da, itxura klasikoek duten handitasun goxoa egiteari uztearekin. Baina era berean lotzen da ezegonkortasun-garai batekin eta ezarritako ordenaren gainbeherarekin. Erwin Panofsky arte-historialariak ongi azaldu duen bezala, Barrokoa "subjektibismoaren garaipena da, eta helburu du sufrimendua eta umorea neurri berean adieraztea".

Erakusgai dagoen aukeraketa honetan, margolan barrokoen eta artelan garaikideen bidez benetako bizitzari buruzko ikuspuntua ematen zaigu, eta kontraste-unibertso bat sortzen da, non ilusionismoa, hiperrealismoa eta bizitasun grinatsu baten irrika nagusi diren. XX. mendeko abangoardiako artistek ere bizitzari bezainbesteko garrantzia eman nahi zioten arteari. Gaur egun, badirudi gogo bizi esentzialista hori ahantzi egin dela, baina oraindik boladan dago esperimentatzen duten artisten artean, artearen eta bizitzaren arteko muga irekia tarteko delarik.

Ikuspuntu garaikide batetik historiari atzera begirakoa emanda, Barroko neurrigabea murgildu egiten da zakarra, apala, erlijiozkoa eta sentsuala den horretan, baldarra, groteskoa eta gizon-antzekoa den horretan. Erakusketak saihestu egiten ditu analogia tematiko edo formal nabarmenenak, eta hautatzen du artelan barrokoak eta garaikideak zinemak eragindako instalazio batean aurkeztea, bi errealitateak —iraganekoa eta oraingoa— bat eginda bizi daitezen, haien desberdintasun eta parekotasun guztiekin, elkarren aberasgarri izan daitezen, interpretazio berriak sortzeko eta horietan barneratzeko.

Komisarioa: Bice Curiger

×